AENKOMERek Arabako saltokien digitalizazioa bultzatuko duen tresna aurkeztu du

AENKOMERek, CORE proiektuaren barruan, tresna bat aurkezten du, Arabako saltokiei heldutasun digitalaren mailari eta digitalizazio-ibilbideei buruzko diagnostikoa lortzeko aukera ematen diena, aholkularitza pertsonalizatuarekin batera.

Doako online tresna honek aukera ematen die Arabako saltoki guztiei heldutasun digitalaren mailari buruzko autodiagnostikoa egiteko eta digitalizazioa bultzatzeko iradokizunak eta ibilbideak biltzen dituen txostena lortzeko. Proba pilotuak arrakastaz amaitu ondoren, tresna modu orokorrean ezagutarazi nahi da, hala nahi duten Arabako saltoki guztientzat lagungarri izan dadin. Gainera, ondorengo fasean, Arabako 60 saltokik coaching digital bat izango dute, eta bertan aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute digitalizazio-ibilbideak ezartzeko.

COREren heldutasun digitalaren autodiagnostikorako tresna guztiz egokituta dago Arabako saltokien errealitatera eta beharretara, eta establezimenduen egoera lau arlo handitan jorratzen du: online komunikazioa eta salmenta; bezeroekiko harremana eta fidelizazio-maila; enpresaren eraldaketa digitala; eta datuen eta markaren babesa.

Galdetegia bete ondoren, tresnak berak merkataritzaren digitalizazioa sustatzeko iradokizunak eta ibilbideak biltzen dituen txosten pertsonalizatua eskaintzen du.

Galdetegitik lortzen diren emaitzak ikusita, Arabako 60 saltokik txostenaren ondorioak garatu ahal izango dituzte coaching-prozesu pertsonalizatuaren eta haien beharretara egokitutakoaren bidez. Saltoki horiek digitalizazio-ibilbide bat jarraituko dute, argi eta garbi bereizitako bi zati izango dituena:

  • Lehenengo laguntza, non merkataritzari bere negozioaren eraldaketa digitalerako eman beharreko hurrengo pausoei buruzko erabaki egokiak hartzen lagunduko zaion. Aldi berean, merkatuan dauden eta erabilgarrienak izan dakizkiokeen tresna eta soluzioetan trebatuko da.
  • Lehen zati hori gainditu eta ekintza-plana erabaki ondoren, saltokiak adituekin banakako saioak egin ahal izango ditu, haien beharretara ondoen egokitzen diren konponbideak ezartzen laguntzeko.

Informazioa jaso edo proiektuan parte hartu nahi duten saltokiek www.interreg-core.eu/ helbidean izena eman dezakete edo AENKOMERekin harremanetan jarri 945 12 35 00 telefonoan edo posta elektronikoz, info@aenkomer.com

AENKOMER CORE proiektuaren parte da, Lurraldeko txikizkako enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko, digitalizazio-tresnak erabiliz. Gainera, proiektu honek txikizkako merkataritza-sektoreak gizarte-, kultura- eta hiri-antolamenduko motor gisa duen garrantziaz sentsibilizatu nahi du.

Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) % 65a finantzatzen du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bidez. POCTEFAren bidez finantzatutako proiektu guztien helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugaldeko integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea da. AENKOMERez gain, hauek dira proiektuaren bazkide eta laguntzaile: Gipuzkoako Merkatariak, Iruñeko Udala, Paueko Merkataritza Ganbera, Tolosako Merkataritza Ganbera, Tolosako Udala, Eurecat Fundazioa eta ESTIA. Bartzelonako Udalak, Teruelgo Hirigune Historikoko Merkatarien Elkarteak eta Paueko Merkataritzako Goi Eskolak laguntzaile gisa parte hartzen dute.

CORE tresnaren aurkezpena