Merkataritzaren eraldaketa digitalerako CORE proiektu europarra
AENKOMERek Arabako txikizkako merkataritzaren eraldaketa digital pertsonalizatuaren aldeko apustua egiten du, Europako CORE lankidetza-proiektuaren bidez. Mugaz gaindiko Interreg – CORE (Competitive Retail) proiektuak 51.000 saltokiren lehiakortasuna hobetzea bultzatzen du, digitalizazio-tresnak erabiliz.
AENKOMER CORE (Competitive Retail) mugaz gaindiko lankidetza-proiektu europarraren parte da. Proiektu horrek eraldaketa digital pertsonalizaturako laguntza-sistema bat planteatzen du, saltoki bakoitzak duen heldutasun teknologikoaren arabera.
COREren bidez, Arabako saltokiei laguntza teknologikoa eskainiko diegu, haien kudeaketa hobetzeko, ikusgarritasuna eta salmentak handitzeko eta, azken batean, tokiko merkataritzaren lehiakortasuna eta erakargarritasuna mantentzen laguntzeko.
CORE proiektuak 1.257.361 euroko aurrekontua du, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) % 65ean finantzatzen du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra Programaren bidez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugaldeko integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da. Haren laguntza mugaz gaindiko ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-jarduerak garatzera bideratzen da, lurralde-garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bidez.
- COREren helburu orokorra POCTEFA espazioko ETEen berrikuntza eta lehiakortasuna dinamizatzen laguntzea da, espazioko txikizkako merkataritzako ETEen berrikuntza eta lehiakortasuna berariaz sustatuz.
- Hori lortzeko mekanismoa txikizkako merkataritza-sektorearen eta mugaren bi aldeetako I+G+b zentroen arteko lankidetza da, I+G+b arloan mugaz gaindiko lankidetza indartzeko programaren OE1arekin bat etorriz.
Helburu espezifikoak:
- Lurralde elkartuetan merkataritza ordezkatzen duten erakundeen eraldaketa digitalerako gaitasun profesionala hobetzea.
- Lurralde elkartuetako txikizkako merkataritzako ETEen lehiakortasuna hobetzea digitalizazio erabilgarri baten bidez.
- Lurralde elkartuetako herritarrei proiektuaren berri ematea, txikizkako merkataritzaren sektoreak gure lurraldean duen garrantziaz sentsibilizatuz.
Proiektuaren bazkideak honako hauek dira: Gipuzkoako Merkataritza Federazioa, AENKOMER Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresaburuak, Iruñeko Udala, Paueko Merkataritza Ganbera, Tolosako Merkataritza Ganbera, Tolosako Udala, Eurecat Fundazioa eta Pirinio Atlantikoetako Industria Teknologia Aurreratuen Institutua (ESTIA). Bartzelonako Udalak, Teruelgo Zentro Historikoko Merkatarien Elkarteak eta Paueko Merkataritzako Goi Eskolak kolaboratzaile gisa esku hartzen dute.
Esteka hauetan, CORE proiektuari eta POCTEFAri buruzko informazio guztia eskuratu ahal izango duzu: