AENKOMERetik Merkataritza Erreferentea 2026 Programa abiarazi dugu, Arabako saltokiei hobekuntzarako bidean laguntzeko pentsatutako ekimena. Diagnostikoa, prestakuntza, jarraipena eta aholkularitza pertsonalizatua: zure negozioak hurrengo urratsa egiteko behar duen guztia, programa bakar batean.
Ekimen honek Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Arabako Foru Aldundiaren lankidetza du.
Helburuak
- Negozio bakoitzaren egungo egoera ebaluatzea, lokal fisikoa eta Interneten duen presentzia aztertuta.
- Saltokiak gaitzea, prestakuntza praktikoaren eta aholkularitza pertsonalizatuaren bidez.
- Hobekuntza zehatzak eta neurgarriak aplikatzea, negozioak lehiakorragoak izan daitezen.
Zertan datza kanpaina?
Merkataritza Erreferentea 2026 Programa laguntza integraleko ekimena da, Arabako negozioei lehiakortasuna hobetzen laguntzeko diseinatua. Nola dago zure establezimendua irudi edo presentzia digitalari dagokionez? Zer hobetu zenezake zure burua bereizteko eta bezero gehiago erakartzeko
Diagnostiko pertsonalizatuaren, prestakuntza praktikoko saioen eta adituen aholkularitzaren bidez, merkatariarekin batera lan egiten dugu bere indarguneak eta hobekuntza-arloak identifikatzeko, negozio bakoitzaren errealitatera egokitutako ekintza-plan bat ezarriz.
Hurrengo urratsa eman nahi duten denda, irudi pertsonaleko negozio eta farmazietarako pentsatutako programa.
Nola garatzen da programa?
2026ko Merkataritza Erreferentea Programa hiru fase osagarritan garatzen da:
Hasierako diagnostikoa: Parte hartzen duen negozio bakoitzaren azterketa indibidualizatua egiten da, dendako bezeroarentzako irudia eta arreta nahiz presentzia digitala ebaluatuz. Saltoki bakoitzak txosten pertsonalizatua jasotzen du landu beharreko lehentasunezko ekintzekin.
Prestakuntza eta laguntza: Parte hartzen duten negozioek prestakuntza praktikoko ibilbide bat dute, asteroko talde-saioez osatua. Saio horietan, besteak beste, honako alderdi hauek lantzen dira: marka pertsonala, bezeroen esperientzia, salmenta-teknikak edo sare sozialetako komunikazioa. Prozesu osoan zehar, parte-hartzaileek zuzeneko jarraipen-talde bat dute adituarekin, zalantzak argitzeko eta lan-erritmoari eusteko. Fase hau banakako saio pertsonalizatu batekin amaituko litzateke, aurretik ikasitakoa nola aplikatu den berrikusteko.
Hobekuntzak ezartzea (Aukerakoa): Gehien inplikatutako negozioek 20 orduko aholkularitza aditu pertsonalizatua jasotzen dute, aurreko faseetan identifikatutako hobekuntzak praktikara eramateko, aldaketak emaitza errealetan gauzatuko direla bermatuz.
Informazio Gehiago
- proyectos@aenkomer.com
- 945 12 35 00



