ARABAN BAI EKIMENAREN AMAIERA EKITALDIA

 

AENKOMERek (Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresariak) eta Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalarekin lankidetzan, Araban Bai ekimenaren amaiera-ekitaldia egin dute astearte honetan, abenduaren 17an, Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregiko Green Capital aretoan. Ekimen horretan, Arabako merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzen diharduten enpresen lana aitortu da, eta, aldi berean, #arabanbai kanpaina sare sozialetan bultzatu duten bezeroei sariak eman zaizkie.

Pilar García de Salazarrek, Arabako diputatu nagusiordeak eta Ekonomiaren Garapen, Berrikuntza eta Erronka Demografikoko foru diputatuak; eta Edurne Parrok, AENKOMEReko zuzendari kudeatzaileak, aurkeztu dute ekimena, eta azken honek adierazi du “hirugarrenez jarri dugula abian ARABAN BAI ekimena; izan ere, gaur egun, euskararen erabileraren kudeaketa lan-ildo bat baino gehiago da sektorearentzat, desberdintzeko aukera bat da guretzat, besteak beste, euskaldun-hiztunak egunetik egunera hazten ari direlako eta, horrekin batera, euskararen erabilera gizarteko esparru guztietan hazten ari delako. Hori horrela bada, eta gure helburua, saltoki espezializatu gisa, gure bezeroa mimatzea bada, ezinbestekoa da norabide horretan urratsak ematea: zerbitzua euskaraz eman ahal izatea edo establezimenduan duen presentzia handitzea”.

AENKOMERek, ARABAN BAI kanpainaz gain, beste bi ekimen planteatu ditu aurten, sektoreak euskararen eguneroko erabileraren inguruan duen egoera ezagutzeko eta erabilera horren garrantziaz sentsibilizatzeko.

Merkataritzako, ostalaritzako eta bestelako zerbitzuetako 330 establezimenduri elkarrizketak egin zaizkie, beren jardunean euskara egunerokoan nola erabiltzen duten ikusteko. Horrela, jakin dugu, adibidez:
 
  • Elkarrizketatutako establezimenduen % 58,18k gutxienez euskara ulertzeko gai den pertsona bat du.
  • % 26,20an zerbitzua euskaraz ematea bermatzen da.
  • % 16,30ean euskarazko barne-lantaldeak sor litezke, hainbat pertsonak ulertzen baitute.
  • % 42,10ek hizkuntzaren ezagutza hobetu nahi izan du, oinarrizko prestakuntzaren bat eginez.
  • % 45ek errotulua edo kartelak euskaraz ditu
  • 330 horietatik 105ek Euskaraldian parte hartu zuten iaz, 106 langilerekin, hala nola Belarriprest eta 87 Ahobizi.
  • % 11,60k euskara erabiltzen du bere webgunean
  • % 41ek adierazi du interes handia edo nahikoa duela bere establezimenduan euskara sustatzeko
  • % 19,10ek sare sozialetan erabiltzen du.
  • % 45,20k Arabako Kuadrilletako edo Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuak ezagutzen ditu.
Aldi berean, merkataritza-sarea euskara egunerokoan presente izatera animatzeko ekimen bat landu da. Horretarako, hainbat sentsibilizazio-bideo egin dira, eta hiru ideia handitan oinarritutako sare sozialen bidez zabaldu dira:
 
  1. EUSKARA ULERTZEA ERRAZA DA.
  2. EUSKARA ULERTZEKO, GRAMATIKA EZ DA BEHARREZKOA, BAIZIK ETA JARRERA POSITIBOA ETA BEZEROAREKIKO ENPATIA ERAKUSTEA.
  3. Euskara zure bezeroak fidelizatzeko beste tresna bat izan daiteke ABANGOARDIAREN ETA BEZEROEN FIDELIZAZIOAREN erakusle. Amaiera-ekitaldi honetan, Arabako merkataritzan eta ostalaritzan euskararen sustapenean inplikatutako enpresen lana aintzatetsi da, eta hori egiaztatzen duen diploma bat eman zaie. Aldi berean, Bai keinu sinple hori egin duten 10 bezero saritu nahi izan dituzte, eta ekimenari babesa eman diote argazkiak WhatsAppen, Instagramen eta Facebooken bidez bidaliz.

 

ARABAN BAI, beraz, Araban garatutako ekimen txiki bat da, 3 zutabetan oinarritua: sektorea, bere bezeroak eta gazteenen sentsibilizazioa. AENKOMERek LANABESen lantaldearen barruan bultzatutako ekimena da, Arabako Foru Aldundiak gidatua, eta Gasteizko Udalaren laguntza du; gainera, EUSKARALDIAren helburuak partekatzen ditu kasu honetan Arabako merkataritzaren eta zerbitzuen sektorean. «Uste dugu bide hori indartzen jarraitu behar dela, gure merkataritza-sektorearen bereizketa eta etorkizuna faktore txiki askotan dagoelako, eta, horietako bat, zerbitzuak euskaraz ematea eta arreta ematea delako», ondorioztatu du AENKOMEReko zuzendari kudeatzaileak.